2011-04-03

56. pasartea

Alberto lorategietara begira jarri zen, gerria barandaren kontra zuela, eta, une hartan, berari ez zitzaion bururatu hura norbait segika ote zuten egiaztatzeko egiten zuenik. Uhinek, barra gainditu ondoren, atseden hartzen zuten, Loretopen eztanda egiteko. Albertok aurpegia ikusten ez ziola profitatuz, “akordatzen, La Vasconia aurrean?” galdetu zion, eta erantzunaren zain geratu zen, datu gehiagorik gabe oroitzea ezinezkoa zela bazekien ere. Gorputz erdia atera zuen baranda gainetik “neska hura pasatu zenean, bizitzan ikusi dudan ederrena” esaterakoan. Ez zuen ezer gehiago erantsi, baina Albertok gogoan zuela erantzun zion, eta atzera itsaso aldera begira zegoela ohartu zen.
Ezinezkoa iruditzen zitzaion oroit zedin. Beharbada hura guztia, bere fantasia neurriz gainekoak ematen zionaz aparte, garrantzirik gabeko lelokeria bat izatea nahi zukeelako. “Benetan akordatzen haiz?” galdetu zion sinesgogor. “Bai, La Vasconia, Urbieta kalean”.
Itsasorantz itzulita zegoen, eta zerbait esan zuen momentu hartan, barran, antxetaz inguraturik agertu zen itsasontzi batez. Ontzia gorria zen eta flotazio marra hondoraturik zekarren. Karga edo aipatu zuen, “gainezka zetorrek” bezalako zerbait, baina ez zion kasurik egin.
Lorategietara begira jarri zen bera ere, ukalondoak barandan bermatuz. “Prailekondo batzuk, hori dira” esan zuen, eta komandantzia barnean utzi zituelako damu bazen ere, “prailekondoak” errepikatu zuen.
—Serioak zarete euskaldunak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario