2011-04-03

63. pasartea

Nekatuta zirudien. Esku bat lepo atzean kokatu zuen, ukalondoa altxatuz bere burua ezkutatu nahian bezala. Gero zerbait esan zuen, ikusten ez zuten auto ilararen bozina-zaratarekin galdu zena. Iñaki Abaituak, badaezpada, ordua emanez erantzun zion. “Bost t’erdiak” esan zuen, eta segidan, erlojua arretaz begiratu ondoren, “minutu t’erdi pasa”. Ez zirudien entzun zionik. Aurpegia igurtzi zuen bi eskuez, gerora etxean hainbat aldiz ikusi beharko zion keinu harekin. “Piztu dezakek, esna nagok eta” esan ohi zuen, ohean eseri eta bi eskuez aurpegia igurzten zuela. Ordukoan mostradorera alde egin zuen eta, barraren kontra jarrita, komisaldegitik ihes egin ondoren auto baten azpian igarotako gauaz mintzatu zen. Bere buruarekin ari bailitzan hitz egin zuen, tarteka hitz solteak eta batzuetan perpaus osoak irensten zizkion iskanbila gero eta bortitzagoaz arduratu gabe.
Hotzaz mintzatu zen —ondo asko zekiela, bai, Gasteizko gauak hotzak zirela—, bere inguruan mugitzen ziren polizien bota beltz erraldoien ikuskizun ikaragarriaz, eta ondorengo isiltasunaz gero, boten hots astuna eta sirenen aiene zorrotza baino ikaragarriago gertatu zitzaion isiltasun mehatxugarriaz. Eta hotzaz berriz ere —”ez dakizu zein hotzak diren Gasteizen neguko gauak”—, eta ustekabean irten zitzaion pixaren berotasunaz, zeinaren bila eskuak izter artean gorde baitzituen gau osoan.
—Oso luzea da gaua —esan zuen, samurra iruditu zitzaion ahotsez, bihotzaren taupadek sakonago egiten duten isiltasun pisuak itotzen zuela adierazteko—. Bihotza eztarrian sentitzen duzunean, eta besterik ez. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario