2011-04-04

19. pasartea

Ez zen hori Iñaki Abaituaren kasua. Hark bere memoriatik berreskuraturiko portzelana zatiek ez zuten oreka konbentzionalik bilatzen. Beren partzialtasunari uko egin gabe, esparru berri bat definitu nahi zuten, ez magikoa, erreala baizik, amoranteak despeditzen diren parke bat bezain konkretua. Güell parkea litzateke, Simonen paradigma hain zuzen, ekinbide horrek arkitektura arloan lukeen adierazpenik zintzoena.
Gehiago interesatzen zen narrazioaren egituraz, kontaketaren xehetasunez baino, eta, erabat arbuiatu gabe, miniaturista edo bitxigileena bezala, balio handirik gabeko artisau lana zeritzon meritutzat dokumentazio biltzea edo xehetasunak zaintzea erakusten zuen obrari.
Hori horrela, harrigarria da nola Hamaika Pauso-n xehetasunez arduratu zen batez ere, edo nola xehetasunez baino ez zen arduratu; pasarte askotan, perpaus luze eta korapilotsuen bidez, kontakizuna iluntzeraino eskaintzen baititu zehaztasun erabat ezdeus eta, itxuraz behintzat, alferrikakoak.
Zaila da jakiten zergatik jokatu zuen horrela. Beharbada heriotza noblea eta miserablea ñabardura huts baten hari finak bereizten dituela adierazi nahi zuelako. Baina bistan da, sufritu egin zuen atsegin ez zitzaion eta —esana denez— askorik estimatzen ez zuen eginahalean. Dudaezina da ordu luzeak pasatu zituela Daniel Zabalegiren sumarioaren aurrean, haren sinaduraren bilakaera aztertzen: letraren aldakuntzarik txikiena atzeman nahian, adibidez, etxean bertan atxilotu zutenean, Al pueblo de Azcoitia izenburuko panfletoa eta bi Zutik, 47 eta 48.ak, aurkitu zitzaizkiola aitortuz egin zuen sinaduraren eta, bestetik, exekuzio orduaren ohar-agirian azaltzen den azkenaren artean. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario