2011-04-03

82. pasartea

Mère mortifière, mère meurtrière, mère mortifiée —aipamenari arrandia kentzeko erreen dardarazioa mihian areagotuz—. Ama, biziaren sorrera, eta bizia denez, heriotza ere bai. Lerdokeriak, noski, asmakeria psikoanalitikoak.
Oraingoan betaurrekoen patilak seinalatzen dio bekoki erdia.
Camellus bactrianus eta camellus dromedarius, gaizki ez banago. Memoria galtzen ari naiz —esaten du, eta nekatua dirudi, mahaiaren bestaldera besoa luzatuz, eskua besagainean ezartzen dionean.
Era hartako maitasun adierazpenak urriak izan ohi ziren.
Iñaki Abaituak begiak jaitsi zituen oinetakoen muturraren bila. Beharbada Julia zuen gogoan, magnolia ondoan “amatxorekin, beraz” esan zionean, irribarre baten lausoa ezpainetan. Argitasun hotz batek mendien ingurunea ozta-ozta marratzen zuen, egunsentia iragarriz. Laino gris zirtzilduz bilduriko goizaldea zen, itsas zerua kolore opako berdinez lausoturik ageri duen horietakoa.
“Pavesek bezala, asko hitz egiten zuen heriotzaz. Haren literaturan ez dago, ordea, heriotzaren aurreko errebeldiarik, makurtze desesperantzatu eta etsia baizik”, idatzi du Lasagabasterrek. Eta aurrerago: “Benetako aitorpena ezkutatzen ez duen ironiaz, bere burua Epiktetoren ikasletzat jotzen badu, gizona bizitzaren draman aktore huts ikusten duelako da. Gizonari ez zaio eman, Unamunok nahiko zukeen bezala, noizbehinka asmakizun propioren bat tartekatzeko aukerarik ere. Bere papera duintasun ahalik eta handienaz betetzeko ahalmena besterik ez”.
“Gehienez ere, itotzeko zorian dagoen naufragoari, zainak ebakitzeko labana irekitzen duenean bezala —marinel labana puntagabea, kirten beltza zilarrezko ainguraz apaindua duena— zilegi zaio patu ezinbestekoa bere eskuz sinatzearen ilusioa. Gainerakoan, heriotza etor dakion zain ohean etzanda dagoen gizonaren etsipena. Eta korrika badoa, ez da ihes egiteko, baizik eta, animalia askok egin ohi duten bezala, zoko egoki baten babesean onetsi nahi duelako”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario