2011-04-04

8. pasartea

Iñaki Abaituak askotan pentsatu zuen gizon hura bere bidean gurutzatu bazen, patu fatal baten aginduz gurutzatu zela, bere literaturan pertsonek eta gauzek, halabeharrez, aipaturiko simetriaren eragin sekretuaren poderioz kointziditzen zuten bezala.
“Ez dezagun konposturarik gal”. Esaldiaren testuinguruaz edo autorearen izenaz oroitu nahian bezala esan zuen, zertaz zen ez zekien solasa ebakiz. Ohiturik zeuden ateraldi haietara, eta ez zioten jaramonik egin. Gizona hezkuntzak baldintzatzen duela ari zen esplikatzen Abel. Klara esnarazia zuen amesgaiztoa aitzakiatzat hartuz, ikarak duen sustrai kulturalaz ari ziren. “Psikologikoki sakonenak kontsideratzen ditugun joeretan ere”, ari zen Abel, ohiko leuntasun didaktikoaz, Iñaki Abaituak, oso poliki, ongi ahoskatuz eta pentsakor, perpausaren esanahiaz jabetu nahian bezala, “ez dezagun konposturarik gal” errepikatu zuenean.
—Zertaz ari haiz? —Abelek irribarretsu, baina ohiko arrosa leuna erabat zuritu zitzaion masailetan. Gero, besaulkitik altxatuz, “nork galdu dik konpostura hemen?” esan zion, eta hatz bat burura eramanez, zoraturik zegoela adierazi zuen.
Iñaki Abaitua ez zen leiho aurretik bueltatu. Badiara begira jarraitu zuen, egonean, faroaren kliska tarteak neurtzen, baina artean laranja-kolore beteaz tindaturik ageri zen zerumuga, eta faroa itzalita zegoen. Isilunea luzea izan zen.
Abel Osa parera hurbildu zitzaion arte. Naturaltzat jotzen ditugun instintuak ere ikasiak direla ari zen esaten. “Hiltzeko beldurra, adibidez, magia-gizonen eta apaizen eragina da”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario