2011-04-01

134. pasartea

Adibideak ez dira falta. Esaterako, Fragako ostatu hartan atsoak ea gela bat ala bi beharko zituzten galdetu zionean. Eztula egin zuen ahotsa argitzeko eta, burua makurtuz, bi beharko zituztela esan zion. “Bi gela, noski” esan zuen erabat lotsaturik. Eta hala ere parajea —ohe baten gainean bi bihotz zituen pintatuta “habitaciones, chambres, zimmer” zioen ateko iragarki zaharkituak— ez zen moraltasunaren azalpenik egitea eskatzen dutenetakoa, eta sarrerako zinta koloredunak gurutzatuz gero, barruko argi-itzaletan, barran eserita begizta zitezkeen emakumeen jarrerak nahiz janzkerak garbi adierazten zuten kamioilarien sexu-lasatuetarako lekua zela hura.
Dudarik gabe, atsoak galdera hura —”gela bat ala bi nahiko zenukete?”, giltza bat eskuan, erabaki ezinbestekoaren zain— bezero berezi haien aurrean bere profesionaltasuna erakutsi nahian egin zien, eta ustekabeko erantzuna jaso bide zuen, lehenbizi bati, gero besteari harriduraz begiratu baitzien, gerritik zintzilik zeraman giltza mordotik beste bat ematerakoan.
Gero, Iñaki Abaituak oin puntetan korridorea gurutzatu eta Susanaren atea jo zuenean, honek ez zion erantzun. Luze itxaron behar izan zuen, hura atean agertu eta “orain ez nizuke sartzen utzi behar” esan zion arte.
—Orain ez nizuke sartzen utzi behar.
Monegroetako eguzki krudeletik ihesi geratu ziren Fragan, Bartzelonarako bidean. Eta paraje haietako muxiken bikaintasun mitikoa egiaztatzeko asmoz. Baita, edo batez ere, Susanak ezpainetan izerdiaren perlak mihi puntaz miazkatuz, “beroak kilikatu egiten nau” esan zuelako ere.
“Orain ez nizuke sartzen utzi behar” esan zuen, ordea, Iñaki Abaitua ohera hurbildu zitzaionean. Gela erdi-itzalean zegoen, eta Susanaren forma zuriak fluorargiduna zirudien ohazalaren iluntasunean. Ohe ertzean iraun zuen zutik, haur zigortu baten gisan, Susanak “zertan zaude hor?” galdetu zion arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario