Jantzitarako traje urdin iluna aukeratu zion, hain zuzen Daniel Zabalegiren azken argazkian kolore horretakoa dirudien batekin azaltzen delako.
Boda bati dagokio ziur asko.
Besotik heltzen dioten bi neskaren artean ageri da, hatz batez argazkilariaganantz seinalatzen duela. Tiroka ari balitz bezala hor ere. Lore bat du solapan, eta puru erdi errea hortzetan. Galtzak estuak dira, tiro luzekoak —erori samar ditu agian— eta jaka motza, hirurogeiko urteetan erabiltzen zirenetakoa. Neskek barre egiten dute gorputza aurrera makurtuz, eta ile harrotua eta zintaz apaindua daramate biek. Bereak, berriz, bustia dirudi.
Ez zuen detaile hori ahaztuko, ezta haren erraien misteriorik eza argitan jarri zuen mangera beltza —lepoaren eta besaburuaren artean— aipatzea ere.
—Horrenbestez, gizajo bati “goazen, ordua da” esaten diote goizalban —murmuratu zuen, Juliak, ahosgora, “ningún dato de interés médico legal” irakurri ondoren, “baina zer da zikinkeria hau guztia?” galdetu zionean.
Lehenbizi jende pilak joan beharko zuela bere bulegoetara, goizero, paper haiek guztiak biltzea beste egitekorik gabe. Norbaitek ordu extrak sartu beharra izango zuen, lana luza ez zedin. “Denetik dago hemen”, makurtu egin zen eskukada bat paper hartzeko, eta airean bota zituen gero, “fakturak, jaiotza, heriotza, eta autopsia agiriak, historia modernoaren eta egungoaren pasarteak, diskurtsoak... beren jakinduria eta esperientzia profesionalaren hoberena utzi dute batzuek hor. Ez duzu sinesten?”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario