2011-04-04

21. pasartea

Azken hau burokrata lodikote bat zen, zuria azalez eta izatez, Orixeren mireslea, garbizalea —ez zituen soportatzen ez Iñaki Abaitua ez honen lana—, jendaurrean errespetu handiegizko formak erakusten zituena, emakumeekin batik bat, eta lagun giroan, berriz, obseso lizun baten portaera zuena.
Hiztegiaren diru ardura zuenez, aitzakia ttikienaz baliatzen zen Bartzelonara bidaiatzeko, eta Iñaki Abaituak —besteak beste, Sarrià inguruko putetxeetako alkohol txarra edan behar ez izateko— ahaleginak egiten zituen Institutetik kanpo ez ikusten. Egun hartan, ordea, beste batzuetan bezala, idazkariak gonbidatu zituenez, ezinbestekoa gertatu zitzaion bazkari hartan izatea.
Ezinbestekoa gertatu zitzaion, pertsonaia arrunt eta handiki haren konpainia soportatuko bazuen, neurriz gaintxo edatea, eta edanak ohiko seriotasun airea areagotzen zionez, kafe garaian ezin serioago jardun zuen hiztegiaren egitura tradiziozkoa aldatu beharraz. Betiko ordena alfabetiko konbentzionala hautsiz, zerbait berri bilatu behar omen zuten, kutxak finantzetan erakutsia zuen eraberritzeko ahalmena hizkuntzaren eremura ekarriz. “Zergatik ez ‘azpiegitura’tik hasi”, esan zuen, ezin ahaztuz hitz horretan oztopaturik utzia zutela lana, eta, horren ondorioz, gau bat gehiago pasatu beharko zuela hoteleko bakardadean.
Zergatik ez “azpiegitura, ageriko egiturari eusten dion oinarria” bezalako hitz moderno, 1973, biribil eta tekniko batetik hasi, “a: alfabetoko lehen letra” bezain gauza ageriko batez ekin beharrean. Azpiegitura: ageriko egiturari eusten dion oinarria, hura datzan egitura ezkutua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario