Lau gizonak —lau baitira azkenean— lerroan geratzen dira zelda aurrean: ezagutzen ez dituen hirurak identifikatzen saiatzen da, haien paretik pauso bat atzeratu den zeladorearen aurpegian gupida zeinua irakurtzen duen bitartean. Uniformerik ez daraman bakarra, ziur asko hil egingo dutela esateko hitz egingo duena —eztula egin baitu, eztul labur batzuk eztarria argitzeko—, kartzelako zuzendaria iruditzen zaio. Eta irudipen horrekin aski ez bailuen, bere eskuinaldera ahalik eta urrutien ikusten saiatzen da burua barrote artean sartuz, aldi berean, galerian zehar, bizitza ohikoaren zaratak errespetatzen duen isiltasun nabarmenegian, beste norbaiten pauso hotsa jaso nahi lukeelarik. Eta eginahal horretan dabilenean, oraindik ez daki abokatuaren presentziaren bila ari dela.
Bistan denez, lau gizonok ez dute beste inor espero. Paisanoz jantziak urruma egiten du, diskretuki ohartarazteko, gogaiturik beharbada Daniel Zabalegi —legokiokeen bezala, erne egon beharrean— leku batean geldirik geratzen ez delako, eta ikuskizun angelua hobetzeko ezkerraldera mugitzen denean, bera eta beste hirurak beren eskuinerantz mugitzen dira presoa aurrez aurre edukitzea eskatuko lukeen protokolo ilun bati jarraituz.
Ez da zaila imajinatzen.
Lau gizonak zutik, galeria erdian, Daniel Zabalegiren mugimenduak zeharka jarraituz pauso laburrez, eskuineko zangoa lehenbizi, bestea bateratuz gero, instrukzioa egiten ari bailiran, azkenean zeldako hormak hura geldiarazten duen arte. Orduan, paisanoz jantzitakoak telegrama baten paper urdin hauskara atera du, “amai dezagun ahalik eta azkarren” eginez bezala, lehenagoko aire zeremoniatsua galtzeko zorian, bat-batean presaturik azalduz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario