Hala ere, irakurtzen hasi baino lehen, baldosa garbitu berrien distira erakusten duen galeria hutsean barrena begiratzen du, Daniel Zabalegi bere patu propioak baino gehiago interesa dezakeen arrazoia bilatu nahirik.
Ikarak harturiko gizon baten azalpena egin nahi zaigu, azalpen psikologikoa batez ere, eta entseiu horren ondorioa halamoduzkoa izan arren, lortzen du, esan ohi den bezala, giro bat, datu ez beti fidagarriak baina itxuraz zehatzak erabiliz.
Daniel Zabalegi bere buruarekin eginiko trabesaren emaitzaz interesaturik azaltzen da, hirugarren galeria ixten duen morroiloaren barroteak paisanoz jantzitakoa hitz egiten hasi baino lehen kontatu baietz, eta eginkizun horretan traba egiten dion buruari alden dadin eskatzeko zorian dago, hain zuzen ere hark, ahots sakon eta ponposoaz, “tengo la penosa obligación de informarle” dioenean, “zuri jakinarazteko eginkizun penagarri hau dut”, beraz, eta ordurako dozena bat barrote, ozta-ozta laurdenak iritsi da kontatzera.
Etsita sentitzen da helbururik bete ez duelako, eta berriro eztulka —eztarria argitu nahian edo arreta eskatuz— ari den paisanozkoak jarduna eten eta sorbaldak altxatzen ditu, Daniel Zabalegi zeladoreari irribarre egiten saiatzen delarik, penarik ez emateko eginahal alferrikakoan, hotzak saminduriko giharrek ez baitute keinu triste bat egiteko baino obeditzen.
Beraz, funtzio mekanikoak, gainerako guztiak bezala, autonomo bihurtu zaizkio, ez dauzka agindupean, eta batez ere desorekatuak dira, konpentsazio-legeren baten arabera, batzuen disfuntzioak besteen suspertzea ekarriko balu bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario