2011-04-04

20. pasartea

Sarritan, haren idazkera hatz puntaz jarraitzen ematen zuen gaua, marra baten jauzian, letra baten iheskortasunean, lerroen baiezean, beldurraren eraginari erreparatzeko asmoz; maiuskula gero eta apainduagoetan, tornuaren erabilera ahaztu ahala leuntasuna eta idazteko trebetasuna irabazi dituen eskuaren ukitura, lortuko bailuen.
Ziur asko, hurbiltze zeremonia horretan damu izango zen, Daniel Zabalegi Eduardo Ortiz de Zaratek ahazturiko metxeroa igortzeko inguratu zitzaienean, autoaren lehiatilatik zehar haren eskua bereetan hartu ez zuelako. A-ko gasolindegian izan zen hori, Zumarragako bidetik zubia pasatu ondoren dagoen hartan, edo, zehatzago esan, gasolindegia eta zinema bitartean, elkar ezagutu zutenean.
Daniel Zabalegi Eduardo Ortiz de Zarate, Zadorra, edo gehiagotan Zigor izenekoaren bitartez ezagutu baitzuen. Zigorrekin, berriz, kasualitate hutsez egin zuen topo Bartzelonan 73ko udazkenean. Iñaki Abaitua lanera joana zen, hiztegia babesten zuen kutxak eta Institut Catalàk hitzarmen bat baitzuten, kultur erakunde horren esperientziaz eta azpiegituraz baliatuta ordenagailu lana Bartzelonan egiteko.
“Azpiegitura” izan zen, hain zuzen, ordenagailuan sartu zioten azken hitza, A zorionekoa erabat burutzeko 72 hitz besterik falta ez zirenean. Hartara, ordu erdi eskaseko lanagatik, Bartzelonan egun bat gehiago ematera behartu zuten, ez baitzuten orduz kanpo minutu bat gehiago egin nahi izan. Hori gutxi bailitzan, Instituteko idazkariarekin eta kutxako ordezkariarekin bazkaldu behar izan zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario