2011-04-03

64. pasartea

Beste kopa bat eskatu zuen, berari ere gogoko ote zitzaion galdetu gabe, eta isilik iraun zuen atera zioten arte, aurrera jarraitzeko edan beharra balu bezala. Kopa altxatu besterik ez zuen egin, ordea. Begien aurrean jarri zuen kolore iluna dastatuz, baina, hala ere, berarengana bueltatu zenean, lasaiago zirudien. “Egunez desberdina da” esan zuen, eta ez zion irribarre egiteari utzi, begiak urruti kokatuz, goizaren iragarle diren hots etxekoien esperantza mezuaz mintzatu zen bitartean. Esnatu berri diren hoditerien gurgurra aipatu zuen, zakurren baten zaunkak, martxan jarri nahi ez duen motorraren eztula, lehen lan txandako langileen ahots lokartuak.
Ondo-ondoan sentitzen bazituen ere, ez zekien zergatik, auto azpian iraun zuen luzaroan, eta azkenean, irtetea erabaki zuenean, ihes egiteko baino gehiago izan omen zen itxaronaldi luzeari amaiera emateko.
Barre egin zuen auto azpitik agertu zenean mekanikariek jarri zuten harridura aurpegia imitatzerakoan, eta zangoak hozminduraren poderioz gogorturik zituela esan zion. “Nireak ez bailiran” esan zuen, belaunik doblatu gabe tabernan zehar ibiliz, eta begira zituen langileei zerbait esan nahi bazien ere, ez zuela hitzik ebakitzerik lortzen. Ahoa zabaltzen zuela deus esatera heldu gabe, azkenean, hitz bakoitza hozkatuz, “egun on” esatea lortu zuen arte.
—Egun on, konturatzen?
Iñaki Abaituak ere barre egin zuen:
—Egun on, erabat surrealista, benetan —baina hunkiturik zegoen kontakizunarekin—. Eta gero?
Erantzun gisa, Ortiz de Zaratek besagainak altxatu zituen, eta ate ondora hurbildu zen.
Kanpoan, jende mordo bat, furgoia inguratuta, gidariari mehatxuka ari zen ozenki.
—Eta gero? —errepikatu zuen.
—Gero deus ez. Egun on esan zuten haiek ere. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario