Irratia jarri zuenerako emana zuten notizia. “La policía ha establecido los controles habituales para interceptar al comando”, esan zuen emakume ahots urrun eta lodiak, albistearen osagarria hurrengo parterako aginduz. Bazekien Euskal Herriari buruzkoa zela, eta deseroso sentitu zen. Gauza haiek angustia bereziz bizi ohi ziren urrunetik, ardura eta kezka handiagoz, eta batez ere kontzientzia txarraren zama eramanezin bihurtzen zen. Susanak dialari eman zion musika bila, baina hots zorrotzen konbinazio desatsegin bat besterik ez zuen lortu.
Azkenik, itzali egin zuen berriro. “Axola al zaizu?” galdetu zion jadanik bi eskuak bolantean zituenean, eta Iñaki Abaituak ezetz erantzun zuen, nahiago zuela itzaltzea. Eta edozein herritakoa izan zitekeen kale grisean barrendu zitzaion gogoa: beldurraren zamaz makurturik zihoazen ibiltari bakanen isla iheskorrak, kapoteen tartetik armen kanoi ilunak ageri zituzten goardia zibil zoribeltzekoen presentzia. Euripean, noski.
—Baina han denok al zarete ETAkoak?
Gai batetik bestera salto eginez hitz egiteko ohitura hark zeharrez ikusten zion soslaiaren txori antza berresten zuen. Naturaltasun osoz helduko zion hark ordubete lehenago bertan behera utzitako gaiari.
Ez zion erantzun. Alde batetik, baietz esatea gehiegi iruditzen zitzaion; bestetik, ez zuen ukatzeko gogorik, baina batez ere nekaturik zegoelako isildu zen. Gainera, Susanarekin beste inorekin baino libreago sentitzen zen haren jardun etengabeaz desinteresaturik isilik irauteko.
Zorionez, interes faltaren erakuspen haiek ez zuten eraginik izaten, eta hark bakarrik hitz egiten jarraitzen zuen, aldian behin, alferrikako “ez al zaizu iruditzen?” bat airean utziz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario