Makurtu egin zen berriz ere, beste paper mordo bat eskuratzeko, eta berriz ere airean bota zituen, baina banan-banan, deskartean ari bailitzan, eta airean harrapatutako batetik irakurri zuen, “que al derecho de mi representado interesa hacer constar los siguientes extremos: primero, que el catorce de julio de 1789 el pueblo de París asaltó la Bastilla para liberar a los presos y hacerse con las armas y con la fortaleza”. “Ez duzu sinesten”, errepikatu zuen, papera erortzen utziz. “Baina egia da, horrekin guztiarekin gizajo bati ‘ale, goazen’ esaten diote, ‘ordua da’, eta gizajoa altxatu egiten da, astelehen goizetan lanerako altxatzen zenean bezala, etsipenez, beste erremediorik ezean. Agian itxaroteko une bat eskatzen du, etxera igortzeko prest dauden ondasun urrien artean sudurzapi zuri bat bilatzeko, traje urdin ilunarekin derrigorrezkoa baita sudurzapi zuria. Eta galerian zehar abiatzen da, edozer gauzari begiratzean azken aldiz dakusala etsi nahian. Ba al zenekien? —irribarrea izan nahiko zukeen imintzio bat ageri zuen ezpainetan— fusilatutakoei pixa irteten zaie hil aurretik”.
Bi eskuak belaunburuetan zituen, brageta oraindik irekiak zauri ilun bat zirudien. Juliaren besarkadatik libratu eta lotzeari ekin zion. Baldar, hatzak hozmindurik bailituen. “Le rest peu importe” esan zuenean, Julia bere aurrean zegoen belauniko, berriro bi beso luzatuetan ezereza atxikiz. “A, croupier zahar baten estiloa da zurea, rien ne va plus”, esan zuen. Eta frantsesez baita ere, “inporta al zaizu gabardina kentzen badut?”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario