2011-04-03

47. pasartea

Gainera, garrantzirik gabeko xehetasun haiek zeuden, denak batera eramanezin gertatzen zitzaizkionak. Beren enkontruak antolatzeko era, adibidez: inongo disimulurik gabe, eguneroko eginkizunen artean eginkizun bat gehiago bailiran antolatuak ziruditen, eta ez zen portaera horren ondoriorik garrantzitsuena sexu saioak desgirotzen zituen denbora mugatu behar urdurigarria. Ezin zuen baztertu hoteleko gelan, ordu erdi justu zutela ohartaraziz azaltzen zitzaionean, biktima sentitzea aldez aurretik zehatz-mehatz taxuturiko plan baten barnean. Barregarri gertatuko ez balitz, objektu sentitzea litzateke adierazpidea.
“Ez dugu ordu erditxo bat baino” esango zion, eta gau-mahai gainean utziko zituen belarritakoak, egunean zehar eginiko milaka eginkizun eta artean betetzeko zituenak kontatzen zizkiola. Larruzko agenda txiki bat erabili ohi zuen.
Jostunaren etxetik pasatu beharra, haurrak eskolatik jasotzea, sauna eta masajea, amarekin eta izebarekin te sesio aspergarria, Diegori kontseiluko lehendakariarekin afaritara laguntzea. Diego, esana dagoenez, senarra zen, eta da, ziur asko, oraindik ere, Mexikon. “Mexiko De Efen”, berak esango zukeen bezala.
Hala esan zion Diegok Iñaki Abaituari Londres hoteleko hallean, azken aldiz elkar ikusi zuten egunean. Azken aldia zela, Susanak hitza eman baitzion ez zutela elkar gehiago ikusiko, eta gainera, nahita ere, aurrerantzean zaila gertatuko zitzaiela, urrutira zihoazela-eta bizitzera. “Banketxearen ardura hartzea onartu dut, Mexikon”. “Mexiko De Efen” zehaztu zuen gero, eta abagunea txantxetakoa ez bazen ere, Iñaki Abaituari umore ona piztu zion petralkeria hark.

No hay comentarios:

Publicar un comentario