2011-04-01

102. pasartea

Hala ere, hilik ikusi zutenek bizpahiru eguneko bizarrarekin zirudiela esango zuten.
“Adrenalina sekrezioa haserrearekin lotu ohi du jendeak, baina berez beldurraren metabolismoari dagokio. Adrenalina beldurrari eta noradrenalina haserreari. Amerikarren epinefrina eta norepinefrina. Hamaika bidegabekeria egin zaio auskalo zenbat milioika saguri ikararen fisiologiaz zerbait jakiteko. Izan zen Calvin Hall izeneko bat, bizitza erdia arratoi hondakinak neurtzen pasatu zuena, zientifikoki kontrolaturiko eraginek beldurrarekin duten zerikusia neurtzeko. ‘Kakati’ ‘beldurti’ren sinonimo da, ezta? Ba beldurrak eta kakagaleak duten kausa-ondorio harremanean finkatuz, hondakinen pisu-bolumenen arabera, lehenbiziko faktorearen neurria kalkulatzen zuen bigarrenaren bidez. Baina lehenbizi, jakina, estandar bat prestatu behar izan zuen kakaegite emozionala neurtu ahal izateko. Parisen, Sèvres-en, Breteuil pabiloian datzan platino iridiatuzkoa bezalako patroi bat, baina kakatan, noski. Zientzia hori da, ezta?”.
J.J. Lasak, batzuetan, bakardadean ia beti, zilarrez apainduriko pipa suitzar batean erre ohi du. Pipa barrokoa, ganoragabeki erortzen zaio kokots gainera, bere eranskin guztiekin: kazoleta bera, zilarrean landutako tapa, eta metal bereko katea luze hezurrezko fitari lotzen zaiona.
—Edo hori ere zientzia da —dio, kea dariola zilarrezko tapa erortzen utziz—. Baina tristea da ikara eta hira erantzun biokimiko baten ñabardurak baino bereizten ez dituela pentsatzea. Eta maitasuna eta gorrotoa, edo eskuzabaltasuna eta norberekeria. Pertsonalitate liluragarri baten eta idiota baten arteko diferentzia bi aminoazidoren arteko orekak edo desorekak erabaki dezaketela pentsatzea.
—Ez gara biokimika hutsa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario