2011-04-01

110. pasartea

Jokoan irabazten zuenean egiten zuen hori, eta bi duro ematen zizkion zinemara joan zedin. Oso goiz igarri zion amarekin siesta egin nahi zuenean bidaltzen zuela zinemara. Olympia zuen izena zineak, eta han ikusi zituen Fu Mantxu, La mano negra eta Hopalong Cassidy-renak.
Irudi haiek ere denborak eztitu ez duen larritasunaren oroitzapena dakarkiote, argiak pizterako aulki azpian galdutako oinetakoen bila ibili beharrak sorrarazten zion angustiarena. “Min ematen badizute, zuloa egingo diet behatza ateratzeko” esaten zion amak, baina berak nahiago zuen behatzak kizkurtu, edo ahal zuen guztietan oinu­tsik ibili.
Batzuetan, filmaren amaiera ezustekoa gertatzen zenean, Fin hitzak, The End exotikoak sarriago, oinutsik harrapatzen zuen, eta igandea amaitua zelako sentitzen zuen goibeltasun sakonari, lagunen baten adar-jotzea gehitzen zitzaion galtzerdi zulatuak erabili beharra fortunatzen zitzaionetan. Denbora ahituaren irudi zen pantaila zuriari so geratzen zen, etsita, aretoa hustu ondoren ere bai askotan, arduradunak bidaltzen zuen arte. Gero, behatzak kizkurtuz, Urrategitik gora etxerako bidea egitea besterik ez zen geratzen, amarekin porrusalda, sagar errea, katilukada bat esne eta lau gaileta Maria jateko afaritan. Ohetik, ibaiaren murmurioa eta ipurtargien kontrapuntu metalezkoa entzungo zituen, eta gero, lehen lo sakonaren ondoren, Ismaelen pauso zalantzatsuak eta amaren ahots kexatia.
Y para que conste a sus efectos” esan du paisanoz jantzitakoak, paperak astinduz “etcétera etcétera” bat airean utziz, eta Daniel Zabalegik kamastra aurrean —han eserita legokeen norbaitek jantziak bailituen— parekaturik ageri diren oinetako beltz eta distiratsuak bilatzen ditu begiez. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario