2011-04-03

46. pasartea

Barre egin zuten. Susanak, barre egiten zuenean, burua makurtzen zuen, esku batez ahoa estaliz.
—Ez da egia.
Eta eskua ahotik aldaka gainera eraman zuen Iñaki Abaituaren begiei jarraituz.
Elkarri kontra egiten jarraitu zuten —”ez da egia”, “bai, benetan, gizendu egin zara”— barre egiteari utzi gabe, eta gero, “bueno, gramotxoren bat” dio Susanak, burua astinduz, “gramotxoren bat agian”. “Gramoren bat, bai, baina denak jarri zaizkizu hor”, hatz erakuslea luzatuz baina gorputzaren parterik zehazki seinalatu gabe. Eta orduan Susanak “non gizendu naiz, esan, nondik gizendu naiz” behartzen du erantzutera, eta berak, “hor” esaten dio, hatza luzatuz beti, baina zehaztasun gehiago eman gabe, azkenean desafio modura kokotsa altxatuz.
—Eta zer, gizendu banaiz —galdetzen dion arte.
—Deus ez —erantzuten dio ahapeka, ahotsari benetan ari delako doinua emanez—. Benetan, oso ongi zaude.
Eta bi besoez gerria inguratu zion, hark bereak astinduz zoraturik zegoela esaten zion bitartean.
Enkontru haren espontaneitatea ez zen, ordea, uste izan zitekeen bezala, sexu harreman aberats, libre eta atsegin baten hastapena izan. Berez, sentimenduen trabarik gabeko harremana nahi bazuen, sexu askatasunaren egarriz baino gehiago zen lotura ohikoek inposatzen duten konpromiso ttikietatik —domestikoetatik litzateke hitza— libratzeko. Funtsean, ordea, uste baino beharrezkoago zituen maitasunaren aitzakiaz sexuaren inguruan ezarri ohi diren itun eta arauak.
Ez zen problema bakarra, nolanahi ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario