2011-04-01

116. pasartea

Gidariaren lehen planoa zeharrez. Bolante gainean eroria du burua, baina ozta-ozta ukitzen du. Ilea busti itxuran ageri du, ezpainak handituta apika, eta euli baten neurriko puntu bat haien ertzean.
Egunkarietan “Cabo de la guardia civil asesinado” titularraren azpian agertu zenaren antzekoa, edo bera akaso. “Cabo de la guardia civil muerto en atentado”, beharbada. Erretratuak gertakizuna bere non-noizkoetan kokatzera gonbidatzen du ikuslea, titular haien berri izan zuen unea berreskuratzera. Baina ezingo du lortu, oroimena, mahaia jaso ondorengo mantela bezala, zuria delako, zuria eta irudi apurrez estalia. Gehienez ere, kafea garratzagoa zela datorkio gogora, eta “ha sido detenido” titular garailea irakurtzeko beldurrez, egunkaria hartzeko unea atzeratzen zuela.
Argazki gehiago. Autoa hutsik ageri da oraingoan, ate-zabalik. Ez du kalte nabarmenik, sabaian dituen hiru zulo­txoez aparte. Oso bateratuak hirurak, gidariaren aldeko ate gainean ia. Tiroen barreiadura txikiak lan fina adierazten du, profesionalena. Ia ez du txapa konponketarik eskatuko. Garaiko 616 pezetako galera. Sumarioan ageri baita hori ere. “Arreglo SEAT 850 SS 99082 Viuda de Losada. Reparar techo y sacar brillo 600. Importe tráfico de empresas 16. Total SEUO 616. Talleres Cuesta”.
Era horretako zehaztasun ezdeusak dira interesgarrienak, itxuraz alferra eta baldarra litzatekeen makina burokratikoaren zehaztasuna erakusten baitu, munstro batzuek, adimen kamutsa eta desantolatua izanagatik, erailketarako duten inteligentzia fin eta efikazaren parekoa. Gainerakoak ez zuen ezertarako balio, baina, hala eta guztiz ere, paper haien aurrean ordu luzeak pasatzen zituen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario