2011-04-06

1. pasartea

Ordu gutxi barru bistaz hartzen duen eremuko punturen batean hilko dela dakienean jada: hortik has daiteke kontakizuna, edo lehenagotik, lehenagotik baitzekien alboan, badiara ematen duen etxean, leiho bat aukeratuko zuela —Juliaren salakoa— bere azken begiradarentzat euskarri.
Momentu orok du lehenago bat eta, gauzak hasieratik kontatzeko ahalegina alferrikakoa denez, zilegi da historiari edozein pasartetatik ekitea. Eta amaieratik hobe. Amaierak bai, zehatzak baitira, erabatekoak askotan. Eta amaiera Iñaki Abaitua Juliaren etxearen alboko atalaurrean dagoenean da, magnoliaren ondoan zutik, itsasoan ahitzen den ibar hertsiari so.
Hendaiako hondartzaren linea hauskara, kamingainaren marra beltza, nagiro kulunkatzen diren itsasontzi urdin eta berdeak marea beheran, brankaz itsaso irekia seinalatzen: noizbait maitatzea erabaki zuen paisaia.
Begiak ñarrotzen ditu, bista indartuz, urrutian punturen bat ongi kokatu nahi balu bezala. Betidanik iruditu izan zaio heriotza orduan ez duela gune zabalegi bat begiztatzerik izango; alderantziz, oso objektu zehatz, mugatua, elementu bat aukeratu beharko duela bistaren euskarritzat.
Bidezko litzateke ikararen hotza sentitzen duela pentsatzea, betidanik agoniaren iruditzat izan duen begirada galdua, angustiaren barne-zurrunbiloa adierazten duten begi larriak, imajinatzerakoan.
Umetan ohe gainean etzaten zeneko zeremonia morbosoa datorkio gogora, sabaiko argiari begira geratzen zenean. Luzaroan irauten zuen, bonbilaren zirkulu zuriaz aparte ezer ikusten ez zuela geratzen zen arte, eta gero, bururik mugitu gabe, gelako objektu urriak banan-banan inguratzen zituen, poliki eta ordena batean lehenbizi, biziro eta saltoka gero, gau-mahaiko ordularitik sabaiko lanparara, eta handik komoda gaineko Karmengo amabirjinaren koadrora; batetik bestera, txandaka, azkenean zorabioaren izerdi hotza sentitzen zuen arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario