2011-04-01

118. pasartea

“Zer da?”, insistitzen du Juliak. “Ikusten duzuna, paperak”, eta eskutik kentzen dizkio. “Barkatu, ez dizut galdetu ea ezer hartu nahi duzun”. “Ez, ez”, eta eskuak airean astintzen ditu, ezer hori errefusatuko bailuen. Isilik irauten dute gero, Julia besaulkian etzanda eta Iñaki Abaitua aurrean zutik, paperak eskuetan dituela. “Barkatu, Mae Westez ari zinen”. Irribarre egiten dio besaulkitik, doi ezpain mamitsuen ertz bat zimurtuz lortzen dakien irribarre gozo eta tristea. “Zenbat barkazio eskatzen ari zaren. Barkazio eskatzeak ez du zerikusirik atsegina izatearekin. Baina berdin da. Ba behin gizon bat Mae West ikustera joan omen zen...”. Nabari du kostata ari dela, eta jarraitzen duenean badirudi zapore txarreko botika bat hartzerakoan bezala egiten duela aurrera, hiru arte kontatu eta dena batera, kolpetik. “Ba gizon horri egundoko kozkorra nabari zitzaion bere parteetan, eta Mae Westek zera esan zion, ongi mutikote, ongi, bistan da alaitzen zarela ni ikustean. Oso fina, ezta?”. Barre egiten du. “Oso jarrera irekia iruditzen zait”. Masailak gorri ditu Iñaki Abaituari eskuak luzatu eta bere ondoan esertzera behartzen duenean. “Ze, alaitzen al zara ni ikustean?”. Biek egiten dute barre. “Esan, pozten al zaitu?”, errepikatzen du, eta zangoak zabalduz zaldika jartzen zaio gainean, haur bat bailitzan. “Esan”. Itxurazko ausardiak ez dio herabetasuna ezkuta­tzen, nabarmena baita ahotsaren doinu zorrotzegiaren traizioa. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario