“Bistan da era horretako erantzun mota aproposago zela gizonak ustekabean hartz batekin topo egin zezakeen garairako”. Patrikak haztatzen ditu etsipenez, American Journal of Psychiatry atzeratuek osatzen duten tontor gainean aurkitzen diren pospoloen bila. “Egungo gizakia aurkitu ohi den trantzeetan, iheserako prestatzen duten erantzun aberats baina alferrikako horiek baino zerbait egokiagoa beharko luke”. Pospoloari piztuta eusten dio eskuan, hitz egitean, harik eta, hatzak erretzeko zorian, airean astinduz itzaltzen duen arte. Beldurraren eragina den pentsatzeko eragozpenaz mintzo da, estuasunetik libratzeko gehien behar genukeenean, ideia finko eta zentzugabeen sareetan preso geratze horretaz, gogoa kanta arrunt baten ritornelloaz oroitu nahian korapilatzen denean, edo memorian, edozein irudi garrantzigabe berreskuratzeko ahaleginean galtzen zaigunean.
Ikararen fruitu ohi den pentsatu ezin horrek menderatzen du Daniel Zabalegi bere ziegan, galerian barrena datorkion pauso hotsari erne agertzen zaigunean. Pauso hotsa, “adreiluzko horma hotzek danbor tarrapata bailitzan errepikatzen dutena”, lau, apika bost pertsonari dagokiena, zeinen artean animalia inguratu batena bezain zorrotza den entzumenak funtzionario herrenaren ibilera bereiz dezakeen, beste hiru, agian lauren artean hurbiltzen. Ezagut dezake, halaber, herrenak gerrian daraman giltza sortaren tintina eta haren soinu aldaketa, ohi duen bezala, irekitzera doan ateari dagokiona hartuz, eskuan zintzilik kulunkatzen dituenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario