2011-04-03

75. pasartea

“Erdia ez, seme, osoa, hilik baikaude” erantzuten dio orduan, bizkarra hormari emanda irristatuz, lurrean eserita geratzeraino. Eserita edo erdi etzanda daude gainerakoak ere. Julia, bere ondoan, alfonbra zurian. Alberto, ohiko lekuan bazterreratua, liburutegiaren zokoan, zarabandan kulunkatzen da, irakurtzen ez duen liburu bat eskuetan. Arantxak, Ionen aurrean, nabarmena izan nahi duen arduragabetasunez gurutzatzen ditu zangoak, hark, begiak altxatzen ausartu gabe, gin-tonicaren jela hatz batez astintzen duen bitartean. Abel eta Ane, berriz, gaueroko besaulki erdibanatuan. Ane besoan, esku bat belaunburuetan, bestea Abelen bizkarrean kokatua.
Heriotzaren ideiak menderatzen duen existentzia tristeaz mintzo zaie —“media vita in morte sumus” esaten du besoak zabalduz, ahotsa harrotuz—, gizona bere patu ikaragarriaren jakitun izatera kondenatzen duen krudelkeriaz. Hitz haiek gaueroko zeremonia bat bailiran entzuten zituzten, Ionek, alde egin aurretik, ustez auzokoen atseginerako jarri ohi zuen Eusko gudariak zinta entzuten zuten bezala. Bazekiten momenturen batean “ikaragarria ez da hiltzea, hiltzeko garela jakitea baizik” esango zuela, eta esatean besoa luzatuko ziela. “Hau salda berde higuingarri bihurtuko dela aldez aurretik jakitea”.
Baina hori bukaeran izan ohi zen. Lehenago Ion Igartuak hondamenari aurre egin nahiko zion umoretsu, adarrak erakusteko hatz txikia eta erakuslea ukabiletik luzatuz, “morituri te salutant” esaterakoan —“oi bere burua hilezkortzat duen Zesar gizajoa, morituri moriturum salutant esan behar zuketen” erantzungo zion berak—, edo Albertok eskatuko du bere zokotik, mesedez, alda dezatela hizpidea. Halako adimen prestu eta jantziak ez al zuen ardura interesgarriagorik?

No hay comentarios:

Publicar un comentario