2011-04-04

25. pasartea

Luzaroan borrokatu zen begiratzeko desiraren eta atzera haren begien erantzun lotsagabearekin topo egiteko beldurraren artean. Bi sentimendu kontraesankor haien eraginez, hasierako deserosotasuna erabateko urduritasun bilakatuz zihoakion eran, Ioni buruaz alde egin nahia adierazteko egiten zizkion keinu diskretuak esku altxatuaren mugimendu erabat nabarmen eta adierazkor bihurtu zitzaizkion.
Baina Ion Igartua ez zen ohartzen, edo ohartzen ez zelakoa egiten zuen. Solasaren ardatz bilakaturik, erabat gartsu mintzo zen, eta horrek are gehiago asaldatzen zuen Iñaki Abaitua, politikaz ari baitziren eta, normalean, Ion bera saiatzen baitzen gai hori saihesten. Juliaren etxeko solasaldietan famatua zen Ionek aita Iraola edo Bernaola izeneko jesuita bati egozten zion gomendioa: “Garai larrietan, iraun, eta egun argietarako prestatu”.
Coll del Portelleko hartan, ordea, solaskideetako batek kataluniarren seny-a eta zuhurtasun fenizioa aipatu zituenean, berak aurpegiratu zien epeltasuna eta engaiamendu falta, “euskaldunoi utziz”, esan zuen, “frankismoaren aurkako borrokan, zamarik handiena. Eta hori ez da serioa”.
Antzeko zerbait esan zuen, “eta hori ez da serioa” amaituz nolanahi ere, zeren eta guztiak itzulian, txandaka, hitzak kateatzen hasi baitziren, ezaguna litzaiekeen jolasean bezala.
“Serioak bai, bazarete”, adibidez, “serioak eta formalak”, beste batek, “formalak eta tristeak”, “tristeak eta motelak” hurrengoak, eta barrez hasi ziren denak, azken hitzaren adiera sexualaren eraginez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario