2011-04-04

15. pasartea

Esku hutsak erakutsi zizkion, finak, delikatuak, “horixe dugu” adierazteko, diagnostiko txar bat ematera beharturik balego bezala. Gero, besoak gurutzatuz, heriotzaz ohartzeak eraginiko errosario luzea aletu zuen: “Haurrak heriotzaz jabetzearekin hartzen du bere indibidualtasunaren kontzientzia”, edo “gizona bere hildakoen sarraskiak ehorzten dituenetik da gizon” eta beste asko, ildo horretakoak. Irribarre egiten zuenean distiratsu ageri zitzaion beheko ezpaina, goikoa baino lodiagoa, eroria. Eta irribarre egin zuen berriro, besoak zabalduz —”tximuak, esaterako, ez du arazo edo ahalmen hori, auskalo zer den”—, esku fin delikatuak erakusten zizkiola. Bazekien, noski, tximu amak umea usteldu arte eraman dezakeela besoetan, haren heriotzaz konturatu gabe.
Hori guztia zuen gogoan, Juliak, haur bati ari balitzaio bezala, “ez da sinestekoa nolakoa zaren” esan zionean. “Ez da sinestekoa” edo “ezin da sinetsi”, eta gero “baina hala eta guztiz ere...” erantsi zuen, irribarre triste eta gozo harekin.
Iñaki Abaituak ez zion esaldia amaitzeko eskatu. Ausentzia bat dastatuz bezala, indarrez hartu zuen itsasbeheraren usaina zekarkion airea. Berriro damutu zen joateko erabakia hain irmo azaldu zuelako. Beharturik zegoen alde egitera, eta ez zuen nahi. Kale aldera itzuli zen, eta gero berriz ere Juliarengana, beso artean hartu beharko zukeela pentsatuz. Baina ez zuen halakorik egin. Zehazki ezagutzen ez zuen arrazoiren batek galarazten zion, eta orduan ere ez zen ausardia falta izan. Begiak ziren beharbada. Haren begiak, emeki ixteko, esku ferekatzaile baten zain legokeen oso ile leuneko animalia otzan batenak iruditzen zitzaizkion, umea hil ondoren ere besoetan luzaro gordeko lukeen norbaitenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario