2011-04-03

48. pasartea

Gertatzeko zegoen, ordea, enkontru hura. Güell parkekoaren bezperan ere afaria zuen etxean. Miresgarri gertatzeko asmoz aipatzen zizkion banku eta enpresa gizon ospetsuak zituen gonbidatu. Bere maila soziala erakustea eragozten ziolako, erabat dezepzionaturik sentitzen zen Iñaki Abaituak Trías, Raventós, edo Masardà —”bai gizona, Masardà, Codorniukoa”— nor ziren ez zekiela aitortzen zionean eta, haiek ezagutzea kultur maila oinarrizkoenaren ezaugarri ezinbestekotzat joz bezala, halako ezjakintasunak harritu egiten zuelako itxura egiten zion.
Ordukoan ere ez zuen denbora asko, baina hoteletik telefonoz deitu zionean, tarte bat eginez hamar minutu baino lehen agertuko zitzaiola esan zion. Eta han zegoen, hamar minuturen buruan, gizonezkoen egitura zuen gabardina beltz, solapa-zabal eta gerrikodunez jantzia, eta gelaren egokitasunari buruz aipamenen bat egin ondoren —hotelean biltzen zirenean, lehenbiziko lana gela eta bainua ondo ikuskatzea izan ohi zen—, gerrikoa askatu eta erantzi zuenean, biluzik azaldu zen.
Hura ez zen film txar batetik ateratako eszena imitatzeko desira nolabait ere irrikigarria, neurri praktiko bat baizik, besterik gabe, soinekoz aldatzen ez ibiltzeko edo hoteletako xaboia erabili beharrik ez izateko. Arrazoi arrunt eta pragmatikoak: maitasuna egin ondoren, gabardina jantziko zuen; atzera harreratik pasatu gabe, zuzenean garajeko igogailua hartuko zuen eta, ohiko esentziak erabiliz, etxean bainatuko zen.
—Zeren zain zaude? —esan zion, gabardina lurrera irristatzen utziz. Kontrargiak urdin ilunez ferekatzen zion gorputz biluzia. Atzean, eguzki gordinegiak ezabatzen zituen paisaia eta trafiko ugariaren higidura mutua. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario