2011-04-01

101. pasartea

Argi zegoen salatik deitzen bazuen Ortiz de Zaratek telefono-solasa entzungo zuela. Une batez, zer gerta zitekeen imajinatu nahi izan zuen, han bertan telefonoa hartu eta Susanari, disimulurik gabe, “tipo bat dut etxean eta laguntza behar nuke gainetik kentzeko” esango balio. Pentsatze hutsak hotzikara eragiten zion, eta ez zuen halakorik egin, noski. Baina aurrez aurre azaltzekoa zen laguntza beharraz Telefónicatik hitz egin zionean, hitz haiek erabili zituen —”tipo bat gainetik kentzea nahi nuke”—, emozioa areagotzeko nahita azpimarratzen zuen toteltasunez.
Etxean, ordea, belarriak erne geratu zen, entzungo ote zion beldurrez, eta paper hotsa ozenagoa iruditu zitzaion, egunkaria zimurtzen edo puskatzen ari bailitzan. Izerdi-patsetan sentitzen zen, eta alkandora aldatzeko berriro ere gelan sartzea merezi ote zuen neurtzen ari zenean, deitu egin zion Ortiz de Zaratek logelatik.
Gutxitan deitzen zion bere izenaz, eta orduan ere ez. “Ei!” esan zuen, eta erantzunari itxaron gabe, “harrapatzen banaute ez zieat ongi tratatu nauanik aitortuko, ezta torturapean ere”. Eztanda egin zuen, barre-algara ikaragarriaz, eta Iñaki Abaitua ziur zegoen berak agertu zion ikarari egiten ziola barre.
Azkeneko hartan, berriz, oso desberdina izango zen guztia. Azkeneko hartan zehaztasun txikiena ere aldez aurretik ongi prestaturik zeukan, eta beldur aztarrenik ez. “Nik pasatuko haut bestaldera” esango zion, eta Ortiz de Zaratek azalduko zituen orduan ikararen zantzu ukaezinak. Bekokia izerditan, eskua bularrean, bihotzaren taupada zoroa baretu nahian, ziur asko hipotentsioaren zuritasuna azalean. Ikararen fisiologia. “Adrenalina izeneko hauts zuriaren erantzun biokimikoa” pentsatuko zuen Iñaki Abaituak, gertakizun apartekoei aurre egiten zien guztietan bezala, bizarra labanaz kentzerakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario