2011-04-03

85. pasartea

Eta gorpua zegoen, noski, berak aukeraturiko arropez beztituta. Aski zuen zangoak luzatzea harenak ikusteko, oinak zapata beltz zorrotzetan.
Hori guztia ez da, norbaiti iruditu zaion bezala, jardun eskatologiko hutsa, ezinbestekoa den gorpuarekiko arduraren eragina baizik, heriotza onartzeko prozesuaren barnean.
Heriotza urrun ikusten denean hain ulergaitza izanik, haren atarian, berriz, obsesiboa bilakatzen den sentimenduaren eragina. Sarraskiarekiko duintasun zentzua, azken batean; zahar asko, hilobi baten egokitasuna segurtatzearren, elikadura aurreztera behartzen dituena.
Beraz, zahar baten antzera, esango litzateke.
Bide bazterreko pretiletan, edo parkeko aulkietan beren esku irekiei so dauden agureak bezala, hutsik edukitzeaz edo oraindik bizirik sentitzeaz harriturik-edo, magalean abandonaturiko esku bateko hatz izoztuak besteko hatz ikaratiez ferekatzen dituztela.
Eskuak ferekatzen ditu amaieran ere, bere buruarekiko errukiaren adierazle den keinu urduriaz, hiltzaileek —itxuraz harro, baina ikara ezkutatu ezinik haiek ere—, inguruan osatuko dioten arkua aldez aurretik ikustean. Haize gaztelarrari desafio egiten dioten gerrera irekiak ikusten ditu, pattar goiztiarrak urratzen dituen ahotsak entzuten ditu, lurretik jada, trumoi hots bat bezala izan den deskarga itxiaren ondoren.
Istant horretatik aurrera dena da nahasia, txori izutuen hegaldia izan den bezala. Kondenatuaren fantasia narratzailearen jardun objektiboarekin elkartuz doa, azkenerako, irreala denaren eta imajinatutakoaren kontakizunek bat egiten dutelarik. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario