2011-04-03

89. pasartea


Iñaki Abaituak berak aitortua da Fikzioaren itzalak eta argiak izenburuko testu batean: “Flauberten ustez, irakurleek errealitateak ez dituen argiak eta itzalak eskatzen dizkiote literaturari, eta argi-itzal faltari, lautasun edo neutrotasunari egotzi zion garaiko L’éducation sentimentale-ren porrota. Egun, ordea, gure begi eta adimenak argi gordin eta itzalez gainezka dauzkagun honetan, neutrotasunaren grisa da emozionarazteko ahalmena duen diskurtso bakarra”.
Horregatik, hain zuzen, murrizten ditu zehaztasunak, irakurleak heriotza soilaren pertzepzio zehatza izan dezan, heriotza hutsaren irudi berez trajikoaz jabe dadin, arreta desbideratuko lukeen trabarik gabe.
Eta horregatik, bere begirada Daniel Zabalegiren hatz mugimenduetan pausatzen da; bere buruarekiko erruki mugagabea adierazten duen hatz baldarren higidura ikaratian; haurtzarotik “muturbeltz” goitizena onartzera kondenatu zuen eta aurpegi erdia estaltzen zion angioma ardo-kolorean berotasun bila doazkion hatz izoztuen fereka narzisoan.
Zutoinaren atzetik lotuko dizkiotenean ere, ferekatu egingo ditu eskuak. Esku bateko hatzak bestekoekin, eta hildako baten hatz hotzak irudituko zaizkio.
Hori da guztia. Ukatu egiten du eskaintzen zaion benda beltza, buruaren zirkin apal batez, eta begirada bere adorearentzat nahi lukeen lekukoaren bila galtzen zaio, alferrik. Aurrean, fusilek osatzen duten lerroa hertsi egin da, hiltzaile bakoitzak besteen artean ezkutatu nahi balu bezala. Masailak kulaten kontra estutu dituztenean jada, begientzako euskarri bila ahalegintzen da, ikararen zorabioaren ihesi. “Apunten” oihu ozena entzuten du. Hostoen firfirak burua itzularazten dio, ordea, eta zeru urdina dakusa. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario