2011-04-03

40. pasartea

Mundu guztiari ezin zitzaiola konpromiso maila bera eskatu. Doluturik zeuden. Doluturik zirudien Abel Osak ere, baina “borroka armatua ez da bide bakarra” esan zuen. Ez zuen esan bidea ez zenik.
Norbaitek gaia aldatzeko eskatu zien arte. Orduan oporrez hitz egiten hasi ziren. Grezian belaontziak alokatzen omen zituzten, merke. Itsaso barea, zeru urdina, karez zuritutako etxeak. Planak egin zituzten. Abel Osak nahiago zuen, ordea, Bizkaiko itsaso bizi grisa. Hori esan zuen, “Bizkaiko itsaso bizi grisa”.
Abel Osak ez zituen irizpide berberak etxean eta kanpoan. Iñaki Abaituari arrotza egiten zitzaion Euskal Herriaz maitasunez, begirune gehiegizkoz hitz egiten zuen Abel hura. Izan ere, gauza bitxiak esan zitzakeen, hala nola, euskaldunek ez dutela paperik behar hitzarmen bati eusteko, eskua ematea dutela aski. Era hartako gauzak.
Hala eta guzti ere, Abelek itsasontziei buruz esan zuenak txunditurik utzi zuen. Euskal Herriko itsasontziak, beren kolore gorri, berde eta urdin biziekin, munduko ederrenak zirela, inongo lotsarik gabe esan zuen, eta gero haien bilakaera armoniatsuari buruz jardun zuen, jeinu herrikoiaren adierazgarritzat joz. Gutxiagogatik haserretua zitzaion Juliarenean, Txingudiko ur geldietan Hondarribiko ontziei begira, atsegin zituela besterik esan ez zuelako.
Coll del Portellen, berriz, Abelek berak galdetu zien, erabat harro, ea ba al zekiten popa euskaldunek asmatua zela. Lorpen horrek, giza historian, Ilargira iristearen neurriko garrantzia zuela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario