2011-04-04

6. pasartea

Gainerakoek ere jakineko lekuak zituzten. Abel eta Ane besaulki berean esertzen ziren; Ane beso ertzean, doi ukitzen zuelarik, oreka zail hartan irauteko bere besoa Abelen atzetik luzatuta. Arantxak puf baxu bat aukeratu ohi zuen, eta Ionen aldera gurutzatzen zituen bernak yoga postura itxuraz deserosoan. Alberto, berriz, urrunago kokatzen zen, liburutegiaren bi gorputzek bat egiten zuten zokoan, eta astiro kulunkatzen zen zarabandan.
Ohiko lekuetan zeuden Iñaki Abaitua, Juliaren besoetatik zakarki libratuz, lurretik altxatu zenean. Ez zituen laket maitasun adierazpen haiek, ez behintzat Ion, Abel eta gainerakoen aurrean.
—Azkenean erre egingo nauzu —esan zion.
Juliak zigarro piztu bat eduki ohi zuen eskuan beti, hatz txikiaren eta nagiaren artean, eta era hartan libreago zen zigarroa utzi gabe edozertan jarduteko; Iñaki Abaituaren buruari sabelaren kontra eutsiz ferekatzeko, adibidez.
Ez zuen deus esan. Zigarroa eskuineko hatz txikiaren eta nagiaren artean zuela, alfonbraren litsak txirikordatzen ari zen. Iñaki Abaituak leihoan islaturik ikus zezakeen eta, irudi hartaz libratzearren, kristalaren kontra jarri zuen burua. Afalostea zen jada.
Portuan deskarga lanean ari ziren, eta Iñaki Abaituak zerbait esan zuen arrantzontzi berde eta urdinei buruz. Munduko ederrenak zirela, edo, besterik gabe, ederrak zirela; gehiago ez, eta zoro bat bezala jarri zen Abel. Neurriz gainekoa izan zen erantzuna, eta ezohikoa batez ere. “Arrazarik nobleena, hizkuntzarik zaharrena, eta orain arrantzontzirik ederrenak. Zuen txobinismoak ez du neurririk, benetan”. Edo antzeko zerbait. Hitz zitalak, nolanahi ere, eta neurriz gainekoak, kontuan hartuz normalean, eztabaidetan, leuntasuna eta pertsuasioa erabiltzen zituela armatzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario