2011-04-03

71. pasartea

Ez zuen Le Monde atzeratua ireki beharrik izan harremanetan jartzeko. Gabardina zuriz jantzitako bakarra zen, eta ile adatsak bekokian ebatondoa ezkutatu ordez azpildu baino ez zion egiten. Bizarra moztua zuen, baina erabat konfundiezina zen aurpegi hura. Gazteago zirudien.
—Autoa ongi dago aparkalekuan —esan zion aldez aurretik erabakirik zegoen bezala, barregarria iruditu zitzaion arren. Ez zion ezagutzen zuenik adierazi, eta berak ere ez zuen aipatu. “Goazen beraz”, esan zion kontua ordaintzen utziz, eta, pauso bat atzerago, Miramar kalean jarraitu zion Basqueren parean aparkaturik zegoen autoraino.
Tarte batzuetan ausartegi gidatzen zuen. Bat-batean gorputzari eserlekuan irristatzen uzten zion, besoak luzatzen zituen bizkarra atzera botaz, eta kilometro kontagailuari so, gehiago arduratzen zen orratz dardaratiaz gero eta azkarrago gaineratzen zitzaion errepideaz baino. Arauz kanpoko ohitura hori zela medio, Nuvolari esaten zioten, eta erdi txantxetan erdi serio, zotzetara banatu ohi zuten bere autoan joan beharra, taldean biltzen zirenean. Egun hartan, A-ko herrira heldu zirenean, Eduardo Ortiz de Zaratek ere, gidatzeko trebezia falta aipatu zionean, Nuvolari deitu zion, goitizenaren berri izan balu bezala. “Heldu gaituk, Nuvolari” esan zuen, eta gero, “gezurra badirudi ere”.
Sarrerako bidean zeuden, zubia eskuinetara utzi eta ibaiari jarraitzen dion hartan. Merkatua igaro eta bestaldeko gasolindegia baino lehen geldiarazi zuen. Eta “hobe gidatzen ikasiko bahu” esan zionean ez zirudien txantxetan. Beste hartan ere, Bartzelonarako bidaia Susanarekin egiteko konpondu zionean, gidatzeko trakeskeria aipatuko zion. “Hik baino okerrago ez dik gidatuko behintzat” esan zion, eta orduan ere benetan ari zela zirudien.

No hay comentarios:

Publicar un comentario