Berak ez zion ulertu zer ulertzen zuen hark, baina ez zion galdetu nahi izan, iritziz alda ez zedin. Ia ez zuten hitzik gurutzatu bide osoan. Lleidara iritsi zirenean bakarrik, gogo handirik erakutsi gabe, esan zion ez zitzaiola inporta Bartzelonara eramatea, baina hark ezetz erantzun zion, ez zuela merezi. Lehenbiziko taxi paradan aparkatu ondoren, despedida laburtzeko asmoz, ez zuen motorra itzali.
Hura ez zen jaitsi, ordea.
Hitzik esan gabe iraun zuten amaiezina iruditu zitzaion segundo gutxiko tartean, harik eta, gehiago agoantatu ezinik, momentu bat itxaroteko eskatu eta bera jaitsi zen arte. Kalearen bestaldean zegoen lorategirantz gurutzatu zuen, agur esateko asmoari uko egin gabe egoera hartatik libratzeko. Ulertu zuela iruditu zitzaion; izan ere, larrosa gorri bat zelofanean biltzen zioten bitartean, autotik irteten ikusi zuen, eta taxi ilara luzeko lehenbizikora inguratzen. Aukerarik hoberena, besterik gabe, taxian alde egiten uztea zela pentsatu zuen, hain zuzen ere, denbora emateko, lore kioskoan luzatzen zelarik. Eskaintza bat bilatzen saiatu zen, maitasun ezinezkoaren inguruko zerbait, baina Susanaren mugimenduez arduratuegi zegoen ezer ganorazkorik asmatzeko. “Izan zitekeena gogoan”, erabaki zuen, lore saltzailearen begiradak —ea zerbait gehiago nahi ote zuen galdetu zion, ez oso era atseginean— larrosa bat erosteak ez ziola han irauteko eskubiderik ematen adierazten ziola iruditu zitzaionean. Atsegin zuen, han, kale erdian, larrosa eskuan eta despedida gisa edozein esakuntza ezpainetan —”izan zitekeena gogoan”, adibidez— taxi barruan urruntzen ikusten zuela pentsatzea. Baina parean geratu zitzaion busa berriro abiatu zenean, bere autoan zegoen Susana berriro ere.
“Esaiozu loreen bidez”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario