Manoni gizona ez, emakumea, Maud. Honen teoriaren arabera, oligofreniko asko amaren desiraz jaiotzen dira izaera horrekin, beti haur eta babes beharrean nahi lituzketelako. Bizantzion, berriz, enperadoreak, aristokrazian lehiakide izan zitzakeenen beldur zelarik, zikirotu egiten zituen familia nobleetako semeak, gortean sartuko baziren. Beren mesedetan, noski, baina potrorik gabe geratzen ziren. Maitasunaren izenean beti. Gonzaga gizajoa. Nola esango genuke guk, bertutea ala hil, edo antzeko zerbait”.
Beheko ezpain distiratsua erortzen utziz egiten duen barre labur eta pikaroa. “Zertaz ari ginen?” galdetzeko ohitura du, galdu ez duen harira itzuli nahi duenean. “Baina zertaz ari ginen?” esaten du, itzulinguruka jarduteko joerak eta senilitateak duten zerikusiaz zerbait aipatu ondoren. Atsegin zaio gazte dirauela entzutea. “Beldurraren fisiologiaz, bai”. Bigarren aldiz luzatu du eskua pipak dauden hautsontzirantz Savinelli beltz bat aukeratzeko.
“Beldurraz ari ginen —besaulkian etzanez, eskuartean gordetzen du pipa—, noradrenalina jarioaz. Benetako edo alegiazko mehatxuen aurrean izan ohi dugun erreakzio naturala da beldurra, ihes egin behar izanez gero organismoa prest egon dadin. Bihotz taupaden maiztasuna handitzen du, eta hartara bihotzak bizkorrago ponpatzen du odola; behazuna uzkurtu egiten da, eta globulo gorriak jaregiten ditu odol-korrontera, oxigenoa garraiatzeko; ninia dilatatu egiten da, agian ikusmena hobetzeko; odolaren gatzakortasuna handitu egiten da, jaso daitezkeen zauriak ixteko; eta odolean linfozitoak ugaltzen dira, kaltetutako ehunak konpontzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario