2011-04-03

84. pasartea

Burutazioak gero eta ilunagoak dira, ordea, denborak aurrera egiten duen neurrian. Gorputz hilaren ikuskizuna izaten da gehienetan. Gorputz hila lurrean, ahozpez, trapuzko fardel bat bezala, hezurrak hautsiak bailituen. Bere inguruan, paisano arropen gainean goardia zibil uniforme atalak —gerrera irekiak batzuek, trikornioa soilki besteek— eragabeki daramatzaten gizonek osatzen duten biribila. Esango litzateke ez dutela janzteko astirik izan eta, lurrera so, zigarroak erretzen dituzte harrapakina oinetan dutela erretratatzen diren ehiztariek bezala.
Neurri batean irudi faltsuak dira, ezbaikorrak, agoniaren kolorea azalean bezala: zuria, urdina batzuetan, argizarizkoa, nakar ubela, lohi beltzez zipriztindua. Frank Kermoderen iritzia da, literatura apokalipsi berriaren lekuko egiten duen kritikariarena: “Fusilatzen gaituztela imajinatzean, pelotoi batek gure gorpua orgatila batean daramala, geure burua engainatu besterik ez dugu egiten, gurearen ordez beste norbaiten gorpua edo panpina inpertsonal bat ezarriz”.
Kasu honetan, ordea, bere heriotza imajinatzen duen gizona ordu gutxiren buruan fusilatuko dutela jakiteak, benetako bihurtzen du heriotzaren keinua. Ordura arte zehaztasunak besterik ez dira dudazkoak, eta ez guztiak. Egiatasun sentsazioa areagotzeko, hain zuzen, dena gertatuko da ordu batzuk lehenago Daniel Zabalegik berak imajinatu bezala, eta, neurri batean horren eraginez, kontakizun osoa egiten da sinesgarri.
Funtsean, zehaztasunak besterik ez dira dudazkoak, eta ez guztiak. Lokatza zegoen, eta cetmeak manta marroi baten gainean pilaturik zeuden lokatzetik babesteko, goardia zibilek gerrera irekiak zituzten paisano jantzien gainean, eta trikornio bekokirantz eroriak, gorputz berezietakoak zirela salatzen zuten buru adats-luzeetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario