Asko pentsatu ondoren ur hotzetara salto egiten duenaren erabakimen anbiguoarekin ari da, eta mugimenduak ausartegiak gertatzen zaizkio. Zakarrak agian. Ahoan laztantzen duenean. Gerrikoa askatu eta, aurpegira zuzenki begiratuz brageta ireki ondoren, zakila bereganatzen duenean.
Bortizki egiten dute larrutan, paper hots trabagarriaren artean, batak besteagandik desitsatsi nahi bailuen, laburki. Aiene murritzak suspirio luze batean ahitzen dira.
Julia irristatu egiten da, lurrean etzanda geratu arte. Gabardina jantzita darama oraindik, gerrian lotua; izter artean biltzen du.
—Urrutiegi joan naiz.
Iñaki Abaituak ez dio erantzuten. Ilea atzeratzen du bi eskuez. Gero, galtzak lotzeari ekiten dio, hatzak baldarki mugituz, hozmindurik bailituen, frantsesez zentzugabekeria hura, “le rest peu importe”, esatean. Baina, lehenbizi, Juliak lurrean sakabanaturik dauden paperak jasotzeari ekiten dio, berari umiliagarria iruditzen zaion jarreran, lau hankan ari baita, eta, jasotzen duen orri bakoitzeko, edukiari buruz erakusten duen harridura ere handiegia iruditzen zaio.
Losada kaboaren gorputz etzana dakusa besaulkitik berriro ere. Argazkia forensearen txostenari dagokio. Besteetan bezala, ileak bustia dirudi, edo dir-dir egiten du behintzat. Gizon lodia da, koipetsua. Kokots azpitik behera dago ebakita, eta zakuei egiten zaiena gogorarazten duen puntada zabalez josia. Buruz daki Julia, belauniko, arreta nabariz irakurtzen ari den folioaren edukia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario