Sentimendu horretan bat eginik ibili ziren kaleetan zehar, alaitasuna zerion jendartean, beren buruak, patu gaizto baten aginduz, arraza zorigaitzeko baterako aukeratuak ikusten zituzten neurrian zorigaitzeko, baina aldi berean diferente izatearen harrotasunaz gainezka.
—Zeri egiten diozu barre? —eten zion Susanak.
Ez zegoela barrez, irribarrez gehienez ere. Malenkoniaren eragina izango zela. Zergatik malenkoniatsu, hortaz; mesedez, esateko. Eta azkenean Ion eta biek Sitgesen marikoi batzuekin izan zuten borrokaz oroitu zela esan behar izan zion. Susana mamiaz baino gehiago arduratzen zen xehetasunez, eta gustuko zuen jakitea, xehetasunak pertsonei zegozkienean batez ere. Ion handia zen, bizarduna, internotza egiten ari zen San Pauen, bigarren urtea. Urologia, Puigvertekin.
Taberna hartan “Markesaren alaba” mozkor ahots sakon eta zakarrez, seriotasun irrigarriz kantatzen ari ziren, trago bakoitzean gora Euskadika, zoritxarreko talde hura azaldu zenean. “A, euskaldunak zarete” esan zien batek, ni ere iparraldekoa naiz, Santanderkoa”, eta Ionek Santanderren armarriak ere bi aurpegi zituela erantzun zion arren, ez zirudien gaizki hartu zuenik. “Santander, cagar y volver” esan zuen berak. “A que sí”. Santanderkoak, esku bat ferekatzen ziola, “a ze azal fina pilotaria izateko” esan zuen, eta minoria baztertuen alde topa egiteari ekin zioten. Edo geroago izan zen hori, pekinesa besoetan zeramana azaldu zenean. “Hemen duzue paisano bat”, esan zuten hartaz —”ni Barakaldokoa naiz, eta zuek, morrosko bikotea, nongoak zarete zuek?”—, eta ordurako edanak pasatuta bazeuden ere, bi edo hiru kopa gehiago hartu zuten hitz nabarrak eta keinu ekibokoak trukatzen zituztela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario