Gau askotan bezala zegoen, sumarioa belaunetan zuela. Zentzurik gabeko mila orri, bi kilo inguru paper, sarritan soinetik irristatu eta lurrean sakabanatzen zitzaizkionak ordena ezinezko baten bila bezala.
Helburu zehatzik gabe orrikatzen zuen papel piloa, zeinetan Daniel Zabalegiren aztarna adierazgarri bakarra sinadura baitzen: traketsa lehen deklarazioetako orrietan, ziur asko angustia izugarriz egina —artean tortura krudelenaren ikarak menderatzen zuenean—; solteagoa kartzelako edo auzitegiko tramite paperetan, gero eta dotoreagoa izen-deituren antolatze estetikoa bilatzen duen neurrian; bistan denez, tornuaren erabilera ahaztu duen esku bati dagokiona. Eta azken hori, “en Castillo del Val Burgos, a veintiséis de Septiembre de mil novecientos setenta y cinco”-ren azpian, bere azken firma, esku tinkoz egina, letra garbiz, Daniel, Zabalegi azpian, eta errubrikaren zirkulu perfektua izen-abizenak inguratzen, eta isats ondulatua bi marra laburrez ebakita. Hil zuten bezperan hatz horituak zituenaren aginduetara botatako azkena, ez existitzearen ideiari egokitu nahi zaionean, trantze ezezagun eta ikaragarriaz libratzeko, jadanik hila egon nahi lukeenean.
Gainerakoa ez da zehaztasun huts, goibel eta zentzugabeen bilduma bat baino. Guztia amaitu ondoren, sumarioa artxibatzerakoan, abokatuak karpeta barnean irristarazi duen telegrama gordekina, adibidez: “S.E. el Jefe del Estado Palacio del Pardo Madrid. Suplicamos vehementemente a V.E. acuerde necesaria conmutación penas de muerte de inminente ejecución. Respetuosamente”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario