2011-04-01

115. pasartea

Nahitaez Correos aurreko ilara luzearen oroitzapena suspertzen duena: egunsenti hotzean, behelainotan, Sanchez Toca aldera luzatzen zen jende isil eta ilunaren lerroa, tren galdu eta abandonatu bat zirudiena jendeari zerion bafadaren poderioz. Edo A-ko medikuak eskuz idatziriko hil agiria. “D. Gregorio Losada presenta herida por arma de fuego orificio de entrada parietal izdo. orificio de salida parietal derecho a quemarropa”. Letra handi, garbi eta biribilez, “Ignacio Arteche” sinatua. Fotokopia da. 850 zuri baten erretratuarena bezala. Eremu lokaztu batean abandonatua dirudi autoak ere. Begiratu batera, nabari ez den zerbaitek adieraziko luke ez dela bere gidariaren borondatez gelditu. Kontrolik gabe, inertziaren eraginez heldu dela ageri den lekuraino. Beste ikuspegi batetik, ordea, bistakoa da zertan finka litekeen susmoa, ondorengo kopian erabat argi ageri baita gidaria hilik dagoela, buruarekin bolantea ukitzeraino aurrerantz makurtuta.
Irudiak airea urratzen duen klaxon hots etengabearen zirrara desatsegina gogora ekartzen badu ere, ertz batean ageri den etxean —auzo merkeetan ohi diren etxe berri eta bide batez zaharkitu horietakoa— leihoak hutsik azaltzeak esan nahiko luke bizilagunek ez dutela hots ezohikorik entzuten, edo entzungor egiten dutela. Bestalde, kontrako ertzean dagoen ume taldea —zango-zabalik gehienak, eskuak bizkar atzean ezkutatuta— argazkilariari so ageri da autoaz arduragabeturik, eta, zerbait adieraztekotan, mesfidantza adieraziko luke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario