2011-04-04

39. pasartea

Catalunya plazakoaz ahaztu ahala, ordea, kezka berri baten itzala hasi zitzaion gogoa iluntzen. Beldur zen une batetik bestera Susana, larruzko berokiz jantzita, agur gisa “Hola guztioi” esan eta Pedralbesko jatorri petrala sala zezakeen edozein lerdokeria botaz azal zitekeelako. “Zein parajetan zeundeten jakitera, land roverra hartuko nuen”, adibidez, “Dios mío” edo “cielo santo” ohikoak ahaztu gabe.
Beldur eta damu zen, beraz, handik pasa zedin eskatu ziolako eguerdian. Hala ere, ez ziren bi ordu baino gehiago igaroak hoteletik deitu zionetik, eta orduan irtenbiderik hoberena iruditu zitzaion Ortiz de Zarate berrikusteko aukerarik galdu gabe Susanarekin kunplitzeko.
Bazen arrazoi gehiago ere. Alde batetik, Susanarekin bakarka egotea saihestu nahi zuen, haren solas sinpleegia edo fereka gehiegizkoak ebitatu; eta, bide batez, lagun nahi zuen Coll del Portelleko giro hertsiegian.
Ane eta Abel sartzen ikusi zituenean, begi-bistakoa iruditu zitzaion helburu gehiegi zirela batera bideratzeko. Euskal Herrian gertaturiko sarekada baten berri ekarri zuten, zeinen arabera larri zauritutakoak gertatu baitziren Bilboko Barrenkalen.
Era hartako berriak beti ziren hunkigarri, baina are hunkigarriago gertatzen zitzaizkion etxetik kanpo jasotzen zituenean. Iheslearen kontzientzia txarra sentitzen zuelako, beharbada. Horixe bera esan zuen erizain batek. Edo antzeko zerbait. Borrokan bakarrik uzten zituelako lotsa eta pena. Beste sarekada batzuk ekarri zituzten gogora, hildakoen izenak, odolgorritu zituzten karrikenak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario