2011-04-06

4. pasartea

—...Brel-en “Plat Pays” edo Usandizagaren “Mendi-mendian”, edozein ingurune izan daiteke ederra norberak hala nahi izanez gero.
Prestidigitadore batek bezala, bertso ahazturen bat berreskuratzen zuen bere tesiaren defentsan. “Maitasun oroitzapenak paraje ederretan kokatu ohi ditugu beti”.
Noren hitzak ziren galdetzen zion Juliak, eta besoak luzatzen zizkion lurretik, bere ondora hurbil zedin eskatuz, irribarretsu, diskurtsoari haur tematsu baten kasketaldiari baino garrantzi gehiago eman gabe. Ezpainen mugimendu minimo batez irribarre eztia lortzen zuen, ur ho­tzetan luzaroan murgildurik egona bailitzan ilunak, ia ubelak ziren ezpain mamitsuak oharkabe luzatuz.
Iñaki Abaitua ez zen mugitu. Leiho aurrean jarraitu zuen euri lanbro finak zilarrez nabartzen zituen zuri-grisen kontenplazioan galduta, besteen aurrean maitasun adierazpenik onartzeko gauza ez zela. Besteak, garai hartan, Ion Igartua eta gainerakoak ziren: Abel Osa, Alberto Pardo, Arantxa Olabe eta Ane Aristi, talde bera beti.
Ion Igartua leihora inguratu zitzaion. “Ez esan ederra ez denik”. Atsegina da Ion, besoa lepotik berehala bota­tzen duten horietakoa. Bartzelonatik zetorren fockerra zerua itsaso aldera gurutzatzen ari zen gerturatu zitzaionean. Bi minutu egingo zituen berriro pista bila itzultzen. Bidaiariak imajinatzen ditu, gris metalezko distiratsuaren eta berde ilunaren artean muga egiten duen kostako marra zuri apartsua jarraitu nahian. Berak batzuetan ohi zuen bezala, Susana ikustetik itzultzen zenean, haren ferekak artean presenteegi oroitzapen izateko. Halakoetan, paisaiak maite sentimendua eragiten zion, eta gorde egiten zuen, ahultasun zantzua zelakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario