Pentsatzen zuen ordu batzuk geroago esku hura —besaburuan pausatu zitzaion batean bere eskuetan hartzeko egon zena— Donostian tabernaren bateko barran pausatuko zela, eta libre altxatuko zela kopa baten bila. Egun hartan, eskua hartzeko zeinu bigunegia egiten ausartu ez zen egunean, “har ezazu txikito bat nire partez Lasarterenean” eskatu zion, A-rako autobusa Gipuzkoako plazan geratzen baitzen, eta, haren zain, lagunekin Lasarte tabernan kopa bat hartzera sartu ohi zirelako.
Abokatuak itxuraz zentzurik ez zuen era hartan erantzun zion, ordea.
—Kanpoan ere kartzela da —horixe esan zion, eta buruan buelta asko eman zizkion esaldiari, benetako muina aurkitu nahian.
Erabaki zuen astirik gabe zebilela esan nahiko zuela. Barrutik kanpoan zernahi egiteko beta dagoela pentsatzeko joera izan arren, han ere arazoak izaten direla, alegia.
Urria da pentsamendu horrek dakarkion kontsolamendua. Esku ausentearen bila dirudi bereak besaburuetan ezarriz, besoak bular aurrean gurutzatzen dituenean; paisanoz jantzitakoak esfortzu nabarmenez ahoskatzen dituen hitz arrotzen jarioaz babesteko laguntza behar balu bezala. Eta resolver y dictar, otro sí, parte dispositiva edo pena capital bezalako hitz ulertezinen eraginez txunditurik, burua alboratzen duenean, eskuaren hotzak eta bizarraren laztasunak Ismaelen oroitzapena dakarkiote. Ismaelek besoetan hartu eta masaila berearen kontra igurzten zionean, gorri-gorri eta azkura bizian utzi arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario