2011-04-01

125. pasartea

Ionez oroitu zen. Behin Sitgeseko terraza batean zeudela gertatutakoaz. San Paueko erizain batek komentario bera edo antzekoa egin zuen, uda betean urdin distiratsua zen itsasoari begira, “ederra da, ezta?”, eta Ionek baietz erantzun zion, sinesmen handirik gabe. Baina gero, handik pixka batera, beste edozertaz ari zirelarik, “ezagutzen al dituzue Bakio, Elantxobe, Lekeitio edo Getaria?”, galdetu zien ozenki, eta denak harri eta zur utziz, inoiz entzun ez zizkion topikoz betea zen diskurtsoari ekin zion —”gure itsasoa ez da nostrum, librea da, basatia” eta antzeko gauzak—, eta hondartza seinalatuz “hau ez baita itsaso bat, arrada bat ur baizik” esan zuen. Hori ez zen guztia izan. Metalezko aulkiaren besoari indarrez helduz, penagarria zen ahots urratuz eta benetako sentipenez, “mar de Euskaria patria abierta” esaten hasi zen, “tú que no tienes fronteras di en las playas extranjeras ola más ola mi pena”. Ez zuen gehiago hitz egin. Irudi penagarria, patetikoa eta, aldi berean, barregarria zuen.
Iñaki Abaituari, tentsioa kentzeko, “pra mariñeiros, nos” esatea bururatu zitzaion, eta gero, broma ulertuko ez zutelakoan, “zuen artean ere ezaguna izango da txobinistaren espezimena, ezta?”. Baina mozkorraren aitzakiarekin ere egoerak ez zuen konpontzerik, eta hitzak ahituz joan ziren. Azkenean bakarrik bukatu zuten Sitgesen.
Egun hartan, erizainetako batekin oheratzeko bidea hondatu bazion ere, ez zen Ionekin haserretu, forma gorabeherez aparte, haren portaera ulergarria egiten zitzaiolako. Bazekien zer zen hura: nortasuna ukatua sentitzen duenaren harrotasun zikoitza; besteenaren gorespena norberarenaren gaitzespentzat hartzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario