2011-04-03

54. pasartea

“Ongi, ongi, fragata beraz”, esan zion Ionek irribarretsu, gerritik inguratzen zuela, eta Abelek ere zerbait esan zuen —”hi behintzat ez haiz aldatuko”, beharbada—, garbi entzun ahal izan ez zuen zerbait, momentu hartan jabetu baitzen egindako hankasartzeaz; kontatutako historia, hitzaren zentzurik jatorrenean, anakronia hutsa zela, alegia. Izan ere, kronologiaren agindu hutsez, Donostiako portuan ikusia zukeen itsasontzirik zaharrena Conchita Artaza baitzen, ikatzez kargatua, hori bai, baina belarik gabe, eta bi motor ingelesez hornitua, edo Rezola Lehena bestela, eta hau porlanez kargatua gainera.
Lotsa ezkutatu ezinik, despedida moduko bat murduskatu zuen, eta ez zien esan zer pentsatzen zuen haien irribarre jostagarriaz eta zenbateraino iruditzen zitzaion nardargarria beren duintasun itxurazkoa, puritanismo gaizki disimulatu hura. Ez zien esan prailekondo batzuk zirela pentsatzen zuenik —norantz zihoazen galdetu ondoren, kontrako bidetik hartu zuen Amara aldera—; ez zien esan orduan, eta inoiz ere ez zien esango. Baina betiko gordeko zuen gertakizun itxuraz garrantzirik gabeko haren oroitzapena, nerabezaroko porrot batzuk gorde ohi diren zehaztasunez.
Hain zen sakona gertaera berez garrantzigabe hark utzitako aztarna, non Alberto eta biak Goardia Zibilaren komandantzian libre utzi zituztenean, artean ikara eta umiliazioa lagun, sentimendu haren partaide egin baitzuen. Beharbada, egiten diguten irainaren kausa geuregan bilatzen dugulako etorri zitzaion gogora, oharkabean, desohore aitzindari hura.

No hay comentarios:

Publicar un comentario