2011-04-04

14. pasartea

—Nolakoa zaren —gaitzetsi zuen Juliak—, azken batean apaizek beren liturgiarekin heriotza beldurgarri bihurtzen dutela baino ez du esan.
Ateondotik itzuli zen. “Apaizek ez dute heriotza ikaragarri bihurtzen, hain zuzen heriotzaren ikaragarritasunaz baliatzen dira”. Ezin al zuten ulertu liturgiak heriotzaren ikara exorzizatzeko sortuak direla, haren bakardadeaz libratzeko? Ponperia guztiaz, kandela eta katafalkoez desjabetu arren, heriotza geratuko litzatekeela, isil eta izugarri, inoiz baino izugarriago, beharbada.
Juliak ez zuen halakorik entzun nahi. Kontra egiteko argudiorik gabe, “zuk zer dakizu” esateko baino ez zen gauza izan. Eta arrazoi zuen, ez zekien. Gerora bakarrik, Daniel Zabalegiren agoniari hurbildu nahirik beilan igaro zituen gau luzeetan, ulertu ahal izango zuen haur abandonatuenak ere ez duela bereetan norbaiten eskua sentitzeko premia handiagorik, hiltzear dagoenak baino.
Burua bueltatzen du Txingudirantz, itsasoaren presentzia beltz dirdaitsuak erakarria. Alga usain gaziak adierazten dionez, itsasbehera ote den egiaztatu nahian, beharbada, eta bat-batean, uhin ahitu batek erakarria bailitzan, latinez datorkio hitza, biribila, zehatza. Et muriemur. Baina ez du esaten, irrigarria gertatuko den beldurrez.
J.J. Lasa psikiatraz oroitzen da: antiojoak bekokian, begi nekatuak igurzteko ohiko keinua egiten. “Et muriemur” esan zuen hark ere, eta Hernani kaleko trafiko hotsak errubrika jarri zion esapidearen izugarriari. Ondoren “zoro-zoro goaz geure patuaren bila” esan zuenean, ongi oroitzen da une batez trafikoaz ari ote zen iruditu zitzaiola. Baina ez zen hartaz ari.
—Gizona eta animalia ez ditu hizkuntzak bereizten, filologoek nahi luketen bezala —esan zuen—, edo apaizen arimak, edo irriak. Heriotzaren aldez aurretiko ideia horrek bereizten ditu. Hiltzeko garela jakiteak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario