2011-04-03

88. pasartea

Aurpegi odoldua baino ez baitzioten ikusi. Odoldua eta handitua, begiak bi marra baino ez zirela, eta zapaldua ageri zuen sudurra ere, odoletan. Adats beltz bekokian itsatsiak sufrimenduaren izerdiz bustia zirudien, edo, kristaletik zehar bete-betean jaso izan balu bezala, zeremonia triste hartara bateratu zitzaion udazkeneko eurijasaz.
Beztidurarik gabeko gorpu triste bat zen. Ez zuen inork izpilikuz garbitu, eta norbaiten eskuetan desagertu bide zen amak, exekuzio bezperan, duintasunez bezti zezaten atarian utziriko izara bordatua.
Gauza jakina da lapurreta miserable hori benetan gertatu zela. Beste zehaztasun batzuen egiatasuna, berriz, zoritxarrez —edo zorionez, zaila litzateke esaten—, ez da inoiz ere argituko, ezta ere zergatik Iñaki Abaituak ez zituen erabili nahi izan gertaeren dramatismoa areagotzen zuten elementu zenbait, haien jakinaren gainean baitzegoen, inongo zalantzarik gabe. Ez du aipatzen, adibidez, nola azken momentua arte, kaperatik atera eta larre lokaztu hartara eraman zuten arte, ez zuen jakin nola hilko zuten —garrotez ala fusilaturik, alegia—, ezta exekuzioa atzeratzeko berririk eman ez ziotenik ere, Gurutze Gorriko kapilauaren bidez —“un buen rato, más de una hora quizá”— horrek esperantza faltsuaren arnasa eman ziola jaso bazuen ere. Eta ez zituen erabili, elementu sobera dramatiko horien bidez —garrotearen aipamen hutsa aski da kokotean heriotzaz kutsaturiko torlojuaren zirrara sentitzeko— irakurleak ez zezan errealitatearen gehiegizkoa fikziotzat har.

No hay comentarios:

Publicar un comentario