2011-04-01

117. pasartea

Sumarioa magalean zuela, paperez inguraturik zegoen Juliak atea jo zuen hartan. Etengabe joka aritu zen, eta ez zion gordetzeko denborarik eman. Besaulki gainean utzita irten zen, beraz. “Ez naiz gorra” esan zion atean. Juliak bazekien, ordea, umore aldakor haren adierazpenak iragankorrak izaten zirela. “Pasio hutsa, zu ikusteko irrikaz nengoen, maite” erantzun zion umoretsu, baina ate ondoan geratu zen, eskuetan zintzilik karga ikaragarria bailuen.
“Bistan da ez zaizula atsegin ni ikustea” dio gero pena aurpegia gehiegituz. Iñaki Abaituak besaulkitik irristatu diren paperak biltzen dihardu. “Nola ez, asko pozten naiz, benetan”. Eta orduan bai, barre egiten du Juliak, “txantxetan ari nintzaizun”, eta besaulki gainean etzaten da, belaunburuak gabardinarekin estaliz.
—Ez al dakizu Mae Westena?
Bizkar atzean trabagarri gertatzen zaion paper mordoa eskuratzen du. “Zer da hau?”, orri bat luzatuz. Iñaki Abaituak ere lepoa luzatzen du, Mariettaren erretratuaren kopia dela jakiteko ikusi beharrik ez badu ere. Arma zutik ageri da eskala adierazten duen bost zentimetroko erregela zatiaren ondoan. Poliziaren laborategi teknikoaren seilua darama, eta bost lerroko testua oinean.
“NUMERO 1.- Fotografía de conjunto, a dos quintos de su tamaño natural, de la pistola ametralladora marca MAC-11. calibre 380 americano (9 corto español) SMG, número 3-4 002156, con cargador, silenciador y culatín extendido.
“Arma utilizada en el asesinato del cabo D. Gregorio Losada”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario