2011-04-01

93. pasartea


Ez zion galdetu ea ondo al zebilen, galdetzeko zorian egon bazen ere. Deus esan gabe sartu zuen martxa, eta mekanikoki erretrobisoretik begiratzerakoan, bestea ikusi zuen, bere bizitzan aurreneko eta azken aldiz. Korrika zetorren errugbiko jokalari trakets baten modura, zangoak okertuz, eta esku altxatuan ezin ezagut zezakeen zerbait erakusten zuen.
—Norbait ari zaik deika —esan zuen Iñaki Abaituak ispilua seinalatuz.
Ortiz de Zarate eserlekuan jiratu zen atzeko lehiatilatik begiratzeko, eta madarikazio bat hozkatu zuen atea zabaltzerakoan.
Ez zien aurpegirik ikusten, baina argitasun osoz entzuten zuen hitz egiten ari zirena. Lehiatila ondoan, alkandora koadrodunak ezkutatzen zuen sabel lodia gerrikoari gainezka, aldaka laburretan euskarri halamoduzkoa zuten mahoizko galtzen gainean eroria.
—Metxeroa ahaztu zaizu —esku motza zabalduz, eta Bic laranja kolorekoa erakutsi zion.
 —Ez hidan jarraitu behar.
Ortiz de Zarateren ahotsa lehorra da ez ziola jarraitu behar dioenean, baina besteak ez du haserrerik nabari eta “berdin da” erantzuten dio, “gauza hauek, sarritan, balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira”.
Metxeroa Zigorren gabardina zuriaren sakelan desagertu da.
—Bueno, biaje ona egin ba.
Esku zapala lehiatilaren ertzean, makurtzera doan gorputzaren kargari eusteko. Iñaki Abaituak badaki haren aurpegia lehiatila aurrean agertzera doala, baina ez da gai bestaldera itzuli eta begiradaz libratzeko.
—Bueno, biaje ona egin ba —errepikatzen du, eta auto barnean ikusmiratu ondoren—, ikusi arte eta mersi.
Merçi” esan zuen, frantsesez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario