2011-04-03

61. pasartea

Horregatik, “eskerrik asko” besterik ez zion esan, harenak ez ukitzearren, bi hatz, pintzak bailiran, koparen bila luzatzerakoan. Gero, aurrez egindako burutazioek eragiten zioten ahalkea ezkutatuz, ate ondora inguratu zen berriro ere. Kanpoan ez zegoen ezer ikusteko. Hauts okre bat, argiaren zuritasun oretsuan galtzen zena, eta pertsiana bilkorrak baranda gainetan hedatuta, baldosazko zorua zuten gelen freskura ebokatzen.
Garrantzirik eman gabe, “goizean ikusi zaitudala iruditu zait” esanez gero ez zuela zertan gaizki hartu pentsatuz, eztul labur bat egin zuen, eztarria argitzeko. Baina besteak hitz egin zuen. “Gasteizen jaioa naiz” esan, eta isildu egin zen. Zeharka, bizkarra ikusten zion mostradore gainera makurtua, bi eskuez inguratutako koparen hondora begira. “Gasteizen vasquitos y neskitas”. Bezperako mututasunaren aldean, hitz-jarioa iruditu zitzaion adierazpen murritz hura. “Bueno, ondoko herri txiki batean, ez duzu ezagutuko”. Ez zekien zergatik, baina mesfidantzaz hartu zuen aitorpena, bere izena jakinarazi zionean bezala. Coll del Portelleko tabernan eman ziona faltsua iruditu baitzitzaion, benetako izena hurrengo udaberrian egunkarietan argazkiaren oinean ikusi arte jakingo ez bazuen ere. Belarte izeneko emakume madrildar beltzaran bat besterik ezagutzen ez zuelako, beharbada, baina aditzera emateko izan zuen moduagatik batez ere, “Eduardo naiz” esan baitzuen lehenbizi, eta gero, deitura apropos bat asmatu nahian ari zela adieraz zezakeen isilune baten ondoren, “Eduardo” berriz ere, “Eduardo Belarte”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario