Pipa esku zabalduaren gainean aurreratzen du argitara.
—Bezero batek erregalatu zidan. Delirio aluzinatorio kronikoa. Gilbert Ballet-en psikosi aluzinatorio kronikoa. Deabruak etxean ipurdia ukitzen zion, eta kalean iraindu egiten zuen. Baina ez du ezertarako balio —esan zuen, beste pipen artean hautsontzian utziz.
Eskua aho aurrean dauka, eraskin haren beharrean bailitzan. “Psikologiaren ikuspegitik gauzak ez dira hobeto ikusten. Horren arabera, gure jokabidearen ADNa norberekeria dela esango litzateke, norberekeriaren eragina direla gure ekintza guztiak, desinteresatuen diruditenak ere. Semea bere ondoan, ezer txarrik gerta ez dakion gorde nahi duen ama, berekoikeriaz ari da, zerbait gertatuko balitzaio berak jasan beharko lukeen sufrimendua saihestu nahian”. Irribarre egiten du, irribarre murritz bat, isilune laburraren lagungarri. “Ama beti. Mater amantissima, mater terribilis”. Betaurrekoak bekoki gainera altxatuz, begiak igurzten ditu gero, neke keinu batez. Kristalen atzean bekoki zimurtuaren begirada nekatua. “Nola zen hura, San Luis Gonzagaren amak esaten zuena, hilik nahiago bekatu mortalean baino. Antzeko zerbait, noski. Gizajoak, heriotza sexu debekatuaren lohikeria baino gehiago maitatzen ikasiko zuen”.
Eskua eserlekuaren beso gainean erortzen uzten du, eta hori egindakoan, seinale baten aginduz bezala, atzera altxatu egiten du. Bekokiko antiojoen begirada hutsa leiho zabalduaren islaz betetzen da, eta begi klaroek miopeen harridura tolesgabea erakusten dute. “Ez da erabat serio hartzekoa, noski, Manonik dioena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario